Oiartzun – Bukatu dira dagoeneko iaz hasitako Landetxe plazako birmoldaketa lanak. Erabat itxuraldatu da gunea, hiru plaza txikiagoak eraikiz. “Espazio berriak eta atseginak sortu dira bertan herritarrak elkartzeko. Aurretik zuen egitura mantenduta, izaera guztiz eraldatu da”, adierazi dute udaletxetik.

Izan ere, plaza biziberritzea eta erabilera handitzea izan da Udalak landutako proiektuaren helburu nagusia, irisgarritasuna hobetzearekin batera.

Gainera, gogorazi dutenez, estruktura arazoak zituen aurreko azpiegiturak. Beheko garajeetara ura sartzen zen eta lurra etengabe altxa-tzen zen. Bestalde, herriko plaza nagusitik gertu egonda ere, apenas biltzen zen jenderik bertan.

Horiek horrela, arkitektura arazo hauek konpondu eta erabilera handitzeko proiektua abiatu zuen Udalak. Bertako bizilagun eta merkatariekin elkarlanean diseinatu zuen plaza berria, herritarrentzat erakargarria izango den espazioa sortzeko. Guztira 1,2 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izan da.

Gune ezberdinak sortu ditu Udalak, plazari ahalik eta erabilera gehien emateko. Aisialdirako eta ekitaldi ezberdinak antolatzeko aukera emango dute espazio hauek: kale antzerkiak, ikuskizunak, kontzertu txikiak... Horretarako aisialdirako eta jolaserako gune ezberdinak sortu dira, harmailak berritu dira eta eserleku gehiago jarri dira.

Plazaren diseinu berriak berdeguneak txertatu ditu. Zuhaixkak eta loreak landatu dira, ingurua atseginagoa egiteko. Aparkalekuko igogailu ondoan zegoen aterpea kenduta, zabaltasuna eta argitasuna eman zaio tokiari.

Esan bezala, proiektua egiterakoan arreta berezia jarri da irisgarritasunean, oiartzuar denek Landetxeko plaza berriaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Kulturgunea

Landetxe plazaren eraberritzea, Mendiburu 14, gaur egungo Landetxe erabilera anitzeko kulturgunea, eraikitzeko proiektuarekin batera landu zen.

Aurreko legegintzaldiko erronka nagusia izan zen. Hainbat atzerapenen ondoren, pandemiarengatik eta Ukraniako inbasioak ekarritako prezioen garestitzearengatik eta horniduren faltarengatik, martxoan zabaldu zituen bere ateak.

Bertan kokatzen dira, auditorioaz gain, Gazte Izanak jubilatuen egoi-tza eta herriko euskalgintza eta kulturgintzarako espazio bana, baita Udaleko hainbat zerbitzu ere.