Izaskun eta Eneritz Egilegor ahizpek Ez da bide txarra arropa marka martxan jarri zuten irailean. Izaskunek historia ikasketak burutu ditu eta ondarearen sozializazioan egiten du lan. Eneritz berriz enpresa administrazioa ikasita, enpresa munduan dabil. “Bien lan esparruak eta arroparekiko beti izan dugun zaletasuna uztartuz jaio zen proiektu hau” azaldu digute.

Izenak markak mendiarekiko duen loturarekin du zerikusia. Izan ere, Ikusi mendizaleak kantatik hartu zuten ideia ahizpek. Eneritzek beti izan du buruan arropa marka bat sortzea, eta irailean, Izaskun langabezian egonda, proiektuari behar zuen bultzada emateko momentua zela erabaki zuten. “Ideia garatzea oso erraza izan zen. Ez da bide txarrak txikitatik gordetako paisaiak islatzen ditu, harro sentiarazten diguten Euskal Herriko txoko ezberdinak”, azaldu du Izaskunek. Proiektu hau ordea, egiari zor, Izaskun eta Eneritzena ez ezik, familia kontua bihurtu da. “Denek egiten dugu zerbait. Izaskunek mendiak eta hondartzak aztertzen ditu, egin ditzakegun kamiseten ideiak atera asmoz. Nik enpresa kudeaketa kontuetan laguntzen dut gehiago. Eta bukatzeko, diseinuak amak egiten ditu. Bera ere bada guzti honen parte” baieztatu du Eneritzek.

Artisautza eta eskulana sustatzen dituen marka da bi ahizpena. “Guztia guk egiten dugu Tolosako Udalak horrelako ekoizle txikientzat duen lokal batean. Elkarte moduko bat da eta bertako kide garenez, lanera etortzeko eskubidea dugu. Zenbaitetan hemengo ekintza ezberdinetan laguntzea ere eskatzen digute”, azaldu dute.

Irailean guzti honekin hasi zirenean, gabonetako festen ataria zela eta harrera oso ona izan zuen arropa marka berriak. Gabonen ondoren beherakada bat nabaritu zuten arren, orain Euskal Herriko txoko ezberdinetako azoketara joaten ari dira Izaskun eta Eneritz. ”Ezagutarazteko eta jarraitzaile gehiago eduki ahal izateko balio izan digute azokek”, azaldu du Izaskunek. Eskoriatzan, Mallabian eta Iruran izan dira, besteak beste. Tolosara ere iritsiko dira lehen aldiz uztailean.

Egilegor ahizpek azaldu dutenez, hasieratik jendeari inguruko paisaiak eskaintzen dituen produktu berezi bat egitea izan da helburua. “Ez da bide txarra oroitzapenei eta inguruko ondareari omenaldi moduko bat egiteko gure modua da”, azaldu digute. Proiektu honekin nora iritsi nahi duten galdetzean, erantzuna oso argia izan da. “Ez dugu gauza haundirik bilatzen. Izenak dioen moduan, bideaz gozatzea besterik ez”. Sare sozialetan eta azoka ezberdinetan aurkituko dituzue aurrerantzean.