Villabonan LGTBI+ kolektiboaren bizi-baldintzak hobe-tzeko 43 neurri aurkeztu dituzte azken hilabeteetan egindako lanaren ondoren. Eihera Kooperatibako kideak Udalarekin elkarlanean aritu dira eta pasa den ostegunean Aljibean aurkeztu zuten neurri ezberdinak jasotzen dituen plana. Akain eta Lurgatz talde feministak ere aritu dira Udalarekin eta Eihera taldearekin lankidetzan.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak ostegunean egindako planaren aurkezpenean baieztatu zuen Udal gobernuko ordezkarientzat oso garrantzitsua dela “benetako herri inklusibo eta parekidea” izatea, eta horretarako “LGTBI+ kolektiboko herritar guztien eskubide berdintasuna, onarpen soziala eta askatasuna lortzeko” politika aktiboak martxan jarriko dituztela azaldu zuen.

Hilabetetan zehar erakunde ezberdinen arteko aztertze lana izan da orain artekoa. Ostegunean, alkateak hitz eman zuen orain arteko prozesu guztia ez dela azterketa hutsean geldituko eta orain Udalari dagokiola neurri hauek ezartzea. Herrian eta gizartean LGTBI+ kolektiboak dituen beharrak aztertu ondoren, 43 neurriak multzo ezberdinetan sailkatu dituzte Udalak eta gizarte-eragileek.

Aurkezpenean Eiherako ordezkariek herritarrekiko eta Udalarekiko esker hitzak izan zituzten. “Gazteriaren aktibazioa” eskertzeko dela nabarmendu zuten, eta horretaz gain “herri moduan hobetzeko borondate politikoa” badagoela azpimarratu zuten.