Frantziako Tourra Euskal Herritik irtengo da aurten eta lehenengo hiru jaurdunaldietan inguruko herri eta hirietan zehar arituko dira munduko txirrindulari onenak.
Astelehenean lehiatuko da hirugarren etapa: Amorebietatik Baionara. Lasterketa Zarauztik igaroko da eta aurreikuspenen arabera, pelotoia 15.10 inguruan iritsiko da Getaria aldetik. N634 errepidea zeharkatuko du eta Oriora bideratuko da.
11.30etik lasterketa igaro bitartean, N634 errepidea itxita mantenduko da ibilgailu eta oinezkoentzat. Tarte horretan, Zarauztik irteteko zein herrira sartzeko AP 8 autobidea bitartez egin beharko da.
Oinezkoen kasuan, Nafarroa kalean zehar dauden hiru azpi pasabideak (San Frantzisko kalean, Sanz Enean eta Iñurritzan daudenak) erabili beharko dira N634 errepidea gurutzatu ahal izateko. Txirrindularien eta lasterketa osatzen duten kideen segurtasuna bermatzeko, errepideko elementu guztiak (seinaletika, edukiontziak, ibilgailuak...) kenduko dira. Horrenbestez, aurreko gaueko 22.00etatik ezingo da ibilgailurik aparkatu Nafarroa kalean.
Lasterketak Hiribusaren ibilbideetan eta ordutegietan ere intzidentzia izango du. Aurrerago jakinaraziko dute Zarauzko Udaletik Hiribusa zerbitzuak izango dituen aldaketak.
Bestalde, ezustekorik ez izateko, egun horretarako mugimenduak aurrez planifikatzeko gomendioa egiten die Udalak herritarrei. Informazio gehiago jakin nahi duenak Udaltzaingoarekin jarri beharko da kontaktuan (943 005 115).