Ostegunean hasi ziren bigarren asteburuko festetako zenbait ekitaldi Tolosan. Batetik, helduen eguna ospatu zen bazkari eta ondorengo dantzaldiarekin. Eta bestetik, Urkizuko auzoan egiten den Et incarnatus orkestraren kontzertuaz ere gozatu zuten bertaratu guztiek eguraldia ere lagun zutela. Berrikuntza modura, kontzertua Urkizu auzoko Gorostizuko zelaietan ospatu zen.

Aurten, Udalak laugarren aldiz helduen eguna antolatu nahi izan du egitarau ezberdinez osaturiko festetan, hauek ere, ospakizun eguna izan dezaten. Ostegunean ospatu zuten festan ekintza ezberdinak izan zituzten goiz guztian zehar Iturriza, Harizpe eta Beti Gazteak elkarteek antolatuta. Ondoren, Zerkausian bazkari herrikoia eta dantzaldia izan zuten, Iñigo Perurena musikariaren eskutik.

Ostegun arratsaldean bertan, sanjuanetako festetan azken urteetan tradizio bilakatu den Et incarnatus orkestraren kontzertua izan zen Urkizun. Udako solstizioaren inguruko kontzertua eskaintzen du Migel Zeberio zuzendari tolosarrak gidatutako orkestrak eta festetako egitarauean oso ekitaldi garrantzitsua bilakatu da.

Hari instrumentuez osatutako taldeak urteak daramatza ostegunekoa bezalako kontzertuak eskaintzen. Urtaro berriaren hasiera ospatzeko musikari ezberdinen kolaborazioak eta berrikuntzak ere izaten dituzte urtero. Antolakuntzatik diotenez, originaltasuna bilatzen dute urtero, musika genero eta pieza ezberdinak joaz.

Uda sasoiari ongi etorria emateaz gain, Urkizuko auzoan, mendi tartean, natura eta musikak bat egitea da orkestraren eta Zeberio zuzendariaren helburua.  Paisaiak eta orkestraren musikak magia berezia duen kontzertua bilakatzen du hau, urteroko San Juan ospakizunetan tolosarrentzat tradizio bilakatu dena. Osteguneko kontzertua, beste behin, magikoa izan zen eta harrera bikaina izan zuen. Jendetza bildu zen Urkizuko mendietan.

Festek Aurrera jarraitzen dute, atzo txupinazoa eta Andre Mari plazako San Juan sua izan ziren protagonistak. Aurten ere, Tolosako alkateak suan salto egin zuen lehenengo, eta ondoren, nahi izan zuten guztiek parte hartu ahal izan zuten.  

Dantzarien, Udal musika bandaren eta Hodeiertz abesbatzako kideen laguntzarekin, ederra izan zen ospakizuna. Gaur, Udaleko korporazio berria Tolosako kaleetan ibiliko da 1.500 eskopeteroekin batera. Festetako egun handia iritsi da.