2023an Goierriko Jazzaldiak hamargarren urteurrena ospatuko du. Izan ere, jada hamar urte igaro dira lagun talde batek jazzaldiaren ideia “edo erokeria” planteatu zuenetik. Orduan, 2013aren hasieran, Arama Jazz elkartea sortu zuten, jazzaldiaren lehen ekitaldia antolatu ahal izateko. Ordiziako eta Aramako udalerrietan ospatu izan da, Goierri eta inguruko bailaretako biztanleei jazz musika gerturatzeko helburuz.

Aurten uztailaren 5, 6, 7 eta 8an burutuko da jazzaldia. Ohikoa dena baino egun bat gehiago izango du, “denen gozamenerako izango diren kontzertu gehiago eskainiko dira”, adierazi dute antolatzaileek. “Urteurren borobila izaki, ekitaldia berezia izan dadin nahi dugu”.

“Dagoeneko, Goierriko Jazzaldiak ez du aurkezpen beharrik jazz musikarien artean, ekitaldiak gure herri eta bailararen mugetatik kanpo ere sona baitu”, ziurtatu du Arama Jazz Elkarteak.

10 urte, 10 kontzertu

Goierriko Jazzaldiaren edizio seinalatu honetan, hamar kontzertuk osatuko dute programazioa. “Denen gozamenerako izango diren kontzertu gehiago eskaini nahi ditugu”.

Uztailaren 5, 6 eta 7an musika saioak Ordizian izango dira. Fredi Pelaez, Arima Soul, edo The Machetazo izango dira jazzaldiaren lehenengo egunetan oholtzara igoko diren artista eta taldeetako batzuk. Hilaren 8an, aldiz, Araman burutuko dira kontzertuak. Lau izango dira bertan; Jessica Pina eta David Pastor Quartet musikarien kontzertuak, besteak beste.