Síguenos en redes sociales:

Sanjoaneko lehen pausuak gaur emango dira Hernanin

Sanjoaneko lehen pausuak gaur emango dira Hernanin

Hurrengo ostiralean Hernaniko San Joan jaiak hasiko dira, baina aurretik, ohitura den moduan, zer gozatuaz egongo da herrian.

Izan ere, gaur 19.00etan, XXII. Preludio Txikia izango da Atsegindegin, ekaitza arriskua baitago. Hau ez da izango gaurko ekitaldi bakarra. 17.00etan bi hitzordu jarri dituzte: Gerardo Plazaren Oroimenezko Xake Topaketa, haurrentzat, Atsegindegin eta hartubol partiduak, kiroldegian, Hernani Madrilen aurka. Goiz Eguzkik antolatuta.

Gauean, 21.00etan, Hernani Sutan boxeo belada izango da Hernaniko udal kiroldegian, Sorabox elkartearen eskutik.

Bihar ekintzak goizean goiz hasiko dira. 9.00etan compack plater tiraketako Hernani Sari Nagusia jokatuko da Hondarribiko herrian. Ekitaldia, Txantxangorri elkarteak antolatu du.

10.00etan Emakumezkoen IV. San Joan Torneoa izango da, Hernani Club Rugby Elkarteak antolatuta eta 11.00etan hartubol partiduak hasiko dira berriro.

Arratsaldeko egitarauan hutsune bat egongo da: Azeri bila lasterketa ez da burutuko 22 urteren ostean. Alabaina, ekitaldi ugari egongo dira.

17.00etan, Hernaniko Bola Txapelketaren lehenengo tiraldia izango da Ereñotzuko bolatokian.

17.30ean gorputzak astintzeko aukera egongo da Sunset in the Park elektronika emanaldiarekin, Ave Maria parkean, The Nord Tech elkartearen eskutik.

Egunarekin amaitzeko, 22.30ean Hernaniko jaiak iragartzen dituen Preludioa eskainiko dute herriko musikariek. Atsegindegin izango da ekaitza arriskua dagoelako. Hala eta guztiz ere Udalak “ikuskizun indar-tsua” izango dela hitzeman du, taldeek lan handia egin baitute horrela izan dadin. 26. edizioa izango da aurtengoa.

Igandean, goizeko 8.00etatik aurrera aurorak abestuko dituzte Ozenki eta Umore Ona abesbatzek.

9.00etan, gimnasia erritmikoko ikasturte amaierako erakustaldia izango da kiroldegian.

Kirolekin jarraituz, 10.30ean palankarien 50. proba burutuko da Sagastialdeko atletismo pistan, Etxeberri elkarteak antolatuta eta 11.00etan hartubol partiduak egongo dira kiroldegian. 11.00etan ere, Gerardo Plazaren Oroimenezko Xake Topaketa jokatuko da Plaza Berrin.

Azkenik, asteazkenean 20.00etan, Chillida Lekuko Udako solstizioan, Oreka TX taldeak Elkarrizketak emanaldi ibiltaria eskainiko du.