Aurreko urteko arrakasta ikusita, Sorgingarra jaia antolatu du larunbatean Orereta ikastolak bigarrenez. Azaldu dutenez, udaburuko suaren lehen garraren jaia izango da, “azken horren osagarri izateko eta bere izaera paganoa azpimarratu nahiz indartzeko asmoz sortutako egitasmoa”.

Ekitaldiak 19.00etan hasiko da. Ordu horretan udaburuko suaren lehen garra piztuko dute Agirre Lehendakaria plazan. Aitzbitarteko Lagunak elkarteko ordezkariak arduratuko dira horretaz. Larruz jantzita, ardagaia erabiliko dute udaburuko suaren lehen garra pizteko.

Jarraian, 19.15ean, Sorgingar kalejira abiatuko da Agirre Lehendakaria plazatik bertatik. Herriko plazara heldu aurretik, Gamon Zumarditik, Biteri Txiki kaletik, Xabier Olaskoaga plazatik, Alfontso XI.a eta Biteri kaleetatik, Koldo Mitxelena plazatik eta Maria de Lezo eta Maddalen kaleetatik pasako da. Kalejira Irurtzungo Orritz Iskidi taldeko izaki mitologiko, joaldun eta dantzariek eta Erriola konpartsak gidatuko dute. Xabier Olaskoaga eta Koldo Mitxelena plazetan geldialdiak egingo ditu emanaldi banaz gozatzeko.

Udaburuko suaren lehen garra San Joan bezperara arte, hilaren 23ra arte, piztuta mantentzea da asmoa.