Uda aurreko festa ospatuko dute gaurko egunean zehar Zumaiako Emakumeen Etxean. Iaz ere egin zuten eta Raixta eguna edo Elkarrekin piztu duguna leloarekin batailatu zuten. “Raixta” hitza aukeratu zuten esanahia pospoloaren muturra gainazal latz baten aurka igurtzen denean marruskadurak sortzen duen beroak sua pizten duenean ateratzen duen soinu horri deritzolako.

Bertan, etxeko parte-hartzaileekin bizipenak elkarbanatu, etxean gertatzen dena herriratu, plazara atera, emakume sortzaileei lekua egin, eta proiektuaren berri ez duenak hura ezagutzeko aukera izango du.

Aurten ere herriko arlo ezberdinetako sortzaileak izango dira eguneko protagonistak. Goizeko 10.00etatik 15.00etara Zumaiako emakume sor-tzaileen postuak egongo dira Martxoak 8 plazan. Hamar postu egongo dira bertan. Adibidez, Eva Francoren argazki erakusketa egongo da eta Amaia Urrestillak makillaje artistikoa egingo du. Bertan ere Libe Etxaniz egongo da piercingak egiten eta zuloren bat egiteko beharrezkoa izango da aurrez berarekin hitz egitea. Hori egiteko Instagram bidez mezu bat bidali beharko zaio lei_piercing kontura edo Emakumeon Etxearekin harremanetan jarri beharko da.

10.00etan ere trikitilariak eta koplak egongo dira eta ordu berean Saharako emakumeen errealitatea ezagutzeko sahararren hitzartea egingo dute. 10.45ean Sukaldaritza Agroekologiko tailerra eta trabesia luzeetarako mendiko motxila egiteko tailerra egongo dira.

11.30ean bodypaintinga erakutsiko dute eta ordu erdi beranduago zain-tza dinamikaren jarraipena egongo da. Iaz Zumaiako Mugimendu Feministak, Emakumeon Etxeak eta Malen Etxeak zaintzaren gaia lan-tzeko dinamika bati hasiera eman zieten eta raixta egunean, dinamikari jarraipena nola eman aurkeztuko dute. Zaintzaren gaia lantzeko hasitako dinamikari jarraipena nola eman aurkeztuko dute.

Arratsaldeko 13.00etan txalapartariak eta plaza-dantzak egongo dira eta 13.30ean oholtza txikia egingo dute. Hau da, Zumaiako emakume musikari ezberdinek kontzertu laburrak eskainiko dituzte. Bertan Oihana Rodriguez (Akaleia), Malen Emezabal, Nagore Sanchez eta Intza Martin igoko dira oholtzara.

15.00etan bertso bazkaria egongo da eta bertsolariak Amaia Agirre eta Uxue Alberdi izango dira. Amai-tzeko, azken ekitaldia, 17.30ean izango da eta batukada kalejira egingo dute herrian zehar.