Pandero jaialdia izango da protagonista hilaren 18an Amaia antzokiko oholtza gainean (19.30ean hasita). Hirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta egitaraua osatzen duten partaideak “oso bereziak” direla azpimarratu dute Arrasateko Trikitixa Eskolatik.

Sine Die (Xabier Zabala akordeoi joleak eta Igor Torre biolin joleak sortutako proiektua); Ojaluna (musika tradizionala berreskuratzeko asmoa duen taldea); Erromintxelak talde arrasatearra; Irati, Araitz, Elaia eta Mirari laukote gaztea; eta, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña pandero jaialdietako bikoterik tradizionalena egongo dira eszenatokian. Gainera, Trikitixa eskolako ikasleek kolaborazio bereziak egingo dituzte.

Sarrerak dagoeneko salgai daude hamar euroren truke, amaiaarrasate.janto.es atarian. Ibai Arte Elkarteak ehun sarrera zozkatuko ditu herriko dendetan erosketak egiten dituztenen artean.