Urola Kostako 45+ Indartzen egitasmoaren seigarren edizioa amaitu berri da. Guztira hamar lagunek hartu dute parte eta Udal Elkartetik adierazi dutenez, parte-hartzaileek “ezin hobe” baloratu dute proiektua eta laneratzerakoan “norberaren ahalduntzean izandako eragin positiboa” nabarmendu dute.

Egitasmoa 40 orduko prestakuntza programa bat da eta helburua 45 urte edo goragoko herritarrak lan-munduan txertatzea da. Horrez gain, banakako hiru saio ere jaso dituzte eta partaide bakoitzak bere hobekuntza profesionalerako ekintza plana garatu du.

Egitasmoa martxan jarri zutenetik, 75 herritar baino gehiago igaro dira bertatik. Datozen urteetan ere jarraipena izango du proiektuak. Egitasmo horri lotuta, udazkenean abian jarriko dute, berriz ere, EMA+ emakumeak ahalduntzeko eta lan-munduan murgiltzeko diseinatutako ekimena.