San Joan jaietako egitaraua ezagutzera eman du Urretxuko Udalak . Urteroko moduan, ekitaldi nagusiak hilaren 23an eta 24an izango dira. Baina aurreko asteetan ere hainbat ekitaldi egingo dira: Lurra taldearen Dantzari Txikia, San Joan eta San Joan Txiki pilota txapelketak, gimnasia erritmiko saioa, 3x3 saskibaloi txapelketa eta txirrindularitza eskolen San Joan saria.

Lurra taldearen Dantzari Txikiaren 43. ekitaldia hilaren 18an izango da. Aurtzaka (Beasain), Korosti (Legazpi), Ereintza (Errenteria), Andra Mari (Galdakao), Irrintzi (Urretxu eta Zumarraga) eta Lurra dantza taldeek parte hartuko dute.

12.00etan kalejira egingo dute Urretxuko kaleetan eta 17.30ean dantza erakustaldia Lizeoko jolastokian. Eguraldi txarrarekin, Ederrena pilotalekuan dantza egingo dute.

San Joan jaien aurreko gainon-tzeko ekintzak kirol ekintzak izango dira. San Joan pilota txapelketa martxan dago jada. Bihar finalerdietako lehen jardunaldia jokatuko da. Bigarren jardunaldia hilaren 14an jokatuko da. Bi egunetan, lehen partida (promesa mailako pilotariak, buruz buru) 19.00etan hasiko da. Ondoren, binakako txapelketakoa jokatuko da (afizionatu mailakoa). Finalak San Joan bezperan jokatuko dira, 18.30ean. Partida guztiak Ederrena pilotalekuan izango dira.

Haurrak

Hilaren 17an, berriz, San Joan Txiki txapelketako partidak izango dira. Jaialdia 10.30ean hasiko da. Ederrena pilotalekuan izango da.

Gimnasia erritmiko erakustaldia ere antolatu dute. Hilaren 15ean izango da, Aldiri kiroldegian. 18.00etan hasiko da. Gimnasia erritmiko taldeak ikasturte amaierako jaialdia eskainiko du. Sarrerak Aldiri kiroldegian eskuratu behar dira. Bertako telefono zenbakia 943 038 082 da.

San Joan jaietan saskibaloi zaleei ere tokia egiten diete urtero. Hilaren 16an eta 17an San Joan 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko da. Ostiraleko partidak 17.00etatik 21.00etara jokatuko dira. Larunbateko partidak, berriz, 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 21.00etara jokatuko dira. Txapelketa lizeoko jolastokian izango da. Eguraldi txarrarekin, partidak Aldiri kiroldegian jokatuko dira.

Bukatzeko, hilaren 17an txirrindularitza eskolen San Joan saria egingo dute. Lasterketa 16.30ean izango da. Ibilbideari dagokionez, Urretxu eta Zumarragako kaleetan egingo da.