Elgoibarrek agur esan zion atzo Itziar Ajuriari, Elgoibarko Ikastolak izan zuen lehenengo andereñoa. San Bartolome parrokian ospatu ziren hileta elizkizunak 99 urte zituen emakume adoretsu honen omenez.

50eko hamarkadan, euskal kulturaren aldeko mugimendu ezkutu eta isilaren lehen urratsetan parte-hartze aktiboa izan zuen Itziar Ajuriak. 1962an zabaldu zuten Elgoibarko lehen ikastola Loritoneko ikastola deitzen zioten lokalean eta bertan hasi zen Ajuria eskolak ematen, Karmele Esnal andereñoaren laguntzaz ikastaldi bat egin ondoren. 1962ko maiatzaren 2an ekin zion andereño lanari eta 29 ume txiki izan ziren bere lehenengo ikasleak.