Gaur egun, Hondarribiko Campus Teknologikoa Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen parte da, eta Hondarribiko Udalak HAPOaren hasierako onespenari oniritzia eman zionetik, bere hirigintza-garapena errealitate bihurtu da. Europak berrikuntza-polotzat jotzen du Euskadi, lurraldeak dituen gaitasunei esker, eta azpiegitura honekin hori sendotu eta indartu nahi da, baita enplegu berria sortu ere.

Eider Mendoza Diputatu Nagusirako hautagaiak eta Gonzalo Carrion Hondarribiko alkategaiak elkarrekin adierazi dute aste honetan Campusaren bultzada eta garapena bizkortzeko konpromisoa, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak bat egin zuen lankidetza instituzional batean.

Carrionek bere proiektuan hiriari bultzada berri bat ematea proposa-tzen du eta Hondarribia bizitzeko eta gozatzeko herria izateaz gainera, lan egiteko aukera berriko hiria izatea nahi du. “Gure ekonomia lehen sektorean eta zerbitzuetan oinarritzen da, eta argi daukagu Campus Teknologikoak dibertsifikaziorako aukerak irekitzen dituela. Hondarribiak gero eta pertsona kualifikatuagoak ditu, gehienak kanpoan lan egiten dutenak, eta campus honek motibatu eta ilusionatu egiten gaitu abangoardiako ekonomiari lotutako tokiko enpleguaz ari garelako”, adierazi zuen.

“Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako onarpena oso urrats garrantzitsua izan da, eta etorkizuneko proiektuz betetako leihoa ireki digu. Plan horri esker, etxebizitza publikoak eraiki ahal izango dira, mugikortasuna antolatu eta lurpeko aparkaleku bat eraikiko da Javier Ugarten eta instalazio berriak jarri ahal izango ditugu, adinekoentzako eta gazteentzako zerbitzuekin. Etxebizitza turistikoa antolatzen duen plan bat da”, jarraitu zuen.

Bukatzeko Carrionek esan zuen Hondarribitik bere lankidetza eskain- tzen diela gainerako erakundeei. “Leialtasun instituzional handiena eskaintzen dut sarean lan egiteko eta ingurune teknologiko hau Hondarribiko gazteak profesionalki garatzeko eta ilusioz beteriko proiektuei ekiteko gune bihurtzeko”.

Bestalde, Eider Mendozak datozen lau urteetako lehentasun ekonomikoen artean kokatu zuen Bidasoaldera Gipuzkoako Parke Teknologikoa hedatzea. Izan ere, azpimarratu zuenez, proiektu honek “potentzial izugarria” dauka hainbat ikuspegitik: eskualdeko industriaren “lehiakortasunari eta berrikuntza gaitasunari bultzada berri bat” emango dio, “lanpostu berrien sorrera” ekarriko du eta, orohar, Hondarribiko eta Bidasoaldeko ekonomia aktibitatea eta herritarren ekonomia indartzea ekarriko du.

Bukatzeko, Arantxa Tapiak aitortu zuen Iparralderako sarbide zuzena duen kokapen hau oso gune erakargarria izango dela enpresa teknologikoentzat, ekonomia eta enplegu zuzena sortuko baitute, eta zeharka eragingo baitiete Euskadiko udalerriari, lurraldeari eta ekosistema osoari.