Artze, Joxan… gogoan! ikuskizuna egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan Andoni Salamero, Mixel Ducau eta Alaia Phillips Ducauk, ekainaren 4an 12.30ean. Joxan Artzeren omenezko ikuskizuna Euskal Herriko hainbat herritan taularatu dute eta oraingoan Urretxu eta Zumarragako Goiargi abesbatzarekin arituko dira. Ekitaldian, Artzez gain, Mikel Lizarraga euskaltegiko sortzaile eta zuzendaria gogoratuko dute. Baita Hits&Fits taldea ere.

Zumarragako emanaldia berezia izango da, Goiargi abesbatzak parte hartuko duelako. Bestetik, emanaldiaren hasieran, jendeari Dorleta Ugarteburuk diseinatutako txartel berezi bat oparituko diote. Txartelak Joxanen irudia eta bere olerki bat ditu. Ugarteburu arte ederretako eskolako irakaslea da eta Hits&Fits taldeko kidea izan zen.

Gainera, emanaldia hasi aurretik Lizarraga eta Hits&Fits taldea gogoratuko dituzte. Hits&Fits Urretxu eta Zumarragako gazte talde batek sortu zuen eta Artzeren Mundua gizonarentzat egin da, baina ez gizona munduarentzat ikuskizunean parte hartu zuen.

Mikel Treku euskaltegiko zuzendariak Lizarragaz hitz egingo du eta Pello Biainek Hits&Fits taldeaz. Izan ere, Biain ere Hits&Fits taldeko kidea izan zen. Trekuren eta Biainen hitzen ondoren, Miriam Lukik eta Juli Bidegainek olerki bana irakurriko dute.

Ondoren, ikuskizuna hasiko da. Ikuskizunaren ondoren, ikusleek beraien sentipenak posta elektronikoz jakinarazteko aukera edukiko dute. Salamero, Ducau eta Phillips-ek mezu horiek Karmen Estebani, Artzeren alargunari, helaraziko dizkiete.

Goiargi abesbatzako Lourdes Idiakezek proiektu horretan parte hartzea “pozgarria eta aberasgarria” dela esan du. “Plazer handia izango da diziplina ezberdinetako artistekin aritzea”.