Oñati – Oñatiko Urgain-Errekalde herri eskolako jolasgunea eraberritzeko lanak hilaren 15ean hasiko dira. Lur Paisajistak enpresak egindako proiektua oinarri hartuta, hiru esku-hartze nagusi gauzatuko dira: patio ondoan dagoen udal jabetzako lur saila jolasgunean integratzea; kirol zelai asfaltatuaren azalera gogorra murriztea eta euri uren kanalizazio egokia egin, eta jolas eremu berritzailea sortzea.
Gaur egungo saskibaloi kantxa eta futbol zelaietako bat mantenduko dira. Ondoko lursaila, aldiz, sortuko den espazioan integratuko da, 2.755 metro koadroko eremu berritzailea atonduz. Horri esker, ura jolaserako elementua bihurtuko da (urmael txiki bat egokituko da). Udalak K1 Ekopaisaia enpresari esleitu dizkio lanak, 91.164 eurotan. Aurreikuspenen arabera, jolasgune berria irailerako erabilgarri egongo da, bai ikasleentzat baita herritarrentzat, instalazioak zabalik mantenduko baitira eskola ordutegitik kanpo, orain arte bezala.