Udalak hiriko auzo-bideetako 48 puntu egokitzeko lanak hasi berri ditu Gornutz, Akartegi, Zimizarga, Arkolla eta Jaitzubian zehar. Behemendi Elkartearekin batera urtero egiten diren auzo bideetako mantenimendu lanak dira, Juan Luis Silanes Ingurumen Zinegotziak azaldu zuenez: “Ez da ahaztu behar Hondarribiak auzo-bideen 68 kilometro dituela auzo desberdinetan banatuak. Denen azterketa egin da Udalean, eta behar handiena zutenekin zerrenda zabala prestatu ondoren, prozesu administratiboak aurrera egin zuen, lehiaketa publiko bat deitu zelarik”.

Guztira 3.500 metro lineal konponduko dira, bide batzuk asfaltoarekin eta besteak hormigoiakin. Gainera, kunetak garbituko dira eta zenbait puntutan bideak zerbait zabalduko dira. Adibidez San Telmo tiro zelaitik Guadalupeko Santutegirainoko bidea egokitu egingo da.

Proiektua burutzeko aurrekontua ia 400.000 eurokoa izango da eta lanak ekainaren erdirako amaituta egotea aurreikusten dute Udaletik.

Bestalde, Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak gogoratu zuen iaz 10 tramo gehiago egokitu zirela eta 2021ean beste 12. “Argi dago Udalaren apustua nekazal bide hauen mantenimenduaren alde”.