Ordizia: Lanean egitasmoaren berri emateko hainbat saio antolatuko dira
Ordiziako Udalak Lanean egitasmoa martxan jarri zuen duela urte batzuk arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko helburuz; horrela, euskararen aldeko mikroplanak landu ziren herriko zenbait enpresentan. 2008an, ordea, krisi ekonomikoak egitasmoa eten egin zuen, duela bi urte berriro berreskuratu zen arte.
Egun, egitasmoa aurrera eramateko lan mahai bat dago abian. Izan ere, “lan arloa euskaraz nahi dugu”, azaldu du Goiekiko, Goierriko Garapen Agentziako, Xabier Perezek. “Kanpotik datozen jatorri anitzeko herritarrei erakutsi nahi diegu gure hizkuntza zer den eta lan egiteko beharrezkoa dela esan nahi diegu, euskarak lanerako balio duela transmititu nahi diegu”, gehitu du.
“Elkarrekin egin behar dugu: administrazioarekin batera lan munduko eragileek elkarrekin gauzatu beharreko proiektua da, komunitatean”, elkartasunari dei egin dio Perezek. Era horretan, lan mahairen helburua, Lanean egitasmoaren oinarriak jartzetik, sustapena egitea igaro da. Mahaia Ikaslan, Goierri Eskola, Orkli, Eroski, Goieki Garapen agen- tzia, Ordizian Merkataritza Elkartea eta Ordiziako Udalak osatzen dute. “Hori horrela, hitzarmen kolektibo batean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu Ordiziako lan mundua osatzen duten eragile guztiak”, azaldu du Gorka Lekuonak, Orkli enpresako ordezkariak. “Hitzarmen horren helburua euskararen aldeko urratsak egitea izango da eta erakunde bakoitza bere errealitatetik egin ditzakeen urratsak egitera animatuko dugu”, gaineratu du.
Hitzarmenak, besteak beste, honako konpromisoak ditu: “Enpresa-zerbitzu bakoitzak euskara sustatzen ibiliko den solaskidea izendatzea, Ordiziako enpresa eta zerbitzu desberdinen arteko harremana euskaraz izatea, edo behintzat, euskaraz jardun nahi duenak euskaraz egiteko bide guztiak bermatuta izatea, eta enpresako hizkuntza-egoeraren diagnostiko arina egitea”.
Lanean egitasmoaren inguruan hitz egin eta hitzarmenaren berri emateko, maiatza eta ekainean zehar aurkezpen saioak egingo dira. Saioak goizez eta arratsaldez izango dira, ordutegi ezberdinetan, ahalik eta pertsona gehien gerturatu ditezen.