Amets Bide dantza taldearen eskutik, Ordiziak Dantza Asteburua ospatuko du maiatzaren 4, 5, 6 eta 7an, 'Jalgi hadi dantzara' lelopean.

Ostegunean, hilaren 4an, Ordiziako Herri Antzokiak Azken Dantza Maisua dokumentala eskainiko du, solasaldi eta guzti. Saioa 19.30ean hasiko da. Hurrengo egunean, aldiz, Herriarteko Dantzari Gazteen Topaketa izango da Plaza Nagusian. Lazkaoko, Altzoko, Ibarrako eta Ordiziako dantza taldeek parte hartuko dute bertan, arratsaldeko 19.00etatik aurrera.

Larunbatean, Ordiziako VI Zortizkoaren txanda izango da. Hasiera Barrena Parkean izango da, 19.00etan, eta amaiera, berriz, Plaza Nagusian, 20.00etan. Ondoren, parte-hartzaileek afaria izango dute udaletxeko plazan bertan. Janariaz gozatu ondoren, sinadura ekitaldia ospatuko da eta Ordiziako Zortzikoan bost aldiz parte hartu dutenei oroigarria banatuko zaie. Azkenik, 23.00etan, erromeria izango da, dantza eguna borobiltzeko asmoz, Iratzar taldearekin.

Ordiziako Dantza Asteburari amaiera emateko, igandean, maia-tzaren 7an, goiz-goizetik ekitaldiak izango dira. 11.30ean Dantzari Txikien Desfileaz disfrutatu ahalko da, eta 13.15ean, Alardeaz, Barandiaran Enparantzan. Talde bazkaria izango da eguneko hurrengo zita. 15.30ean, Xaibor Diskofestak amaiera emango dio egunari.

Santikutz jaiak

Bestalde, maia-tzeko Santikutz Jaiak ospatuko dituzte Itsasondoko Urkia auzoan. Antxuma bat zozketatuko dela jakitera eman dute antolatzaileek, eta zenbaki irabazlea igandean, hilaren 7an, ezagutuko dela adierazi dute. Horretaz ez ezik, larunbateko afarira eta igandeko bazkarira joan nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharra dutela gogorarazi dute.