Bihar 17.00etan Abaraxka ludotekan Haur eta Nerabeen Jai Batzordea bilduko da, Oiartzungo Udalak jakitera eman zuenez.

Festetan zer egin eta ikusi nahi duten jakiteko buzoiak jarri dituzte azken asteetan ikastetxeetan. Geletan jasotako proposamen horiek aztertzeko bilduko dira bihar. Aukerak egingarriak diren ikusi eta xanistebanetako Jai Batzorde orokorrean beste eragileei ze ekintza proposatu erabakiko dute.

Iaz osatu zen lehen aldiz Haur eta Nerabeen Xanistebanetako Jai Ba-tzordea, Oinherri taldearen ekimenez. Herriko festetan ere haurrak erdigunean jarri eta beraien gustuko ekintzak antolatu zituzten: diskofesta, magia ikuskizuna eta uretako puzgarriak, besteak beste.

Batzordeak eta jaietan antolatutako ekintzek arrakasta handia izan zuten eta aurten ere hasi dira abuztu hasierarako ideia berriak lantzen.

Kartela

Bestalde, herriko festak iragartzeko kartel lehiaketa martxan du Udalak. Maiatzaren 31 aurretik aurkeztu beharko dira lanak, udaletxeko harreran.

Bost sari banatuko dira, lau dirutan eta bat formakuntza beka gisa. Irabazleak 600 euro eta oiartzuar onenak 300 euro jasoko dituzte. Gainera 50 euroko bi akzesit eta 100TZE Sormen Espazioan urtebeteko matrikula banatuko dira. Xanistebanetako Jai Batzordeko kideek osatuko dute epaimahaia.

Teknika librea erabil daiteke. Kartelaren neurria 70×50 zentimetrokoa izango da eta “Xanistebanak 2023” adierazi beharko du.