EAJko alkategaiak, Loreto Osa Oconek, igandean aurkeztu zuen bere alderdiak herritarren gehiengoaren babesa lortzeko osatu duen lagunen zerrenda. “Gure herria maite dugun pasaitar euskaldunen belaunaldi berri bat gara, eta bertako bizilagunen alde eta haien-tzat lan egiteko konpromisoa hartu dugu”, adierazi zuen Osak San Pedroko lonjako plaza berrian egindako ekitaldian. Datozen lau urtetarako finkatu duten helburu nagusia badiako biziberritzea gidatzea da.

Hauteskunde zerrenda osatzen duten hogei pertsonek lagunduta, Osak ziurtatu zuen Alkatetzara lehen aldiz “gogotsu, indarrez eta ilusioz” aurkezteko erronka hartu duela, “datozen urteak benetan garran-tzitsuak izango direlako pasaitarren bizitzan”.

Baieztatu zuenez, urtez bete gabeko promesak entzun ondoren, azken urteotan EAJ/PNVren udal taldeak Udalean egindako kudeaketa “fruituak ematen” hasi da; izan ere, “jeltzaleek sustatutako erakundeen arteko lankidetzari esker, hainbeste desiratutako biziberritzeari ekin ahal izan zaio, 162 milioi euro baino gehiago lortzen dituzten dozena bat proiekturekin”. “Dagoeneko ez dago atzera bueltarik, eta giza talderik onena dugu eraldaketa horren buru izateko”, ziurtatu zuen.

Osak taldearen konpromisoa adierazi zuen Pasaiako bizilagunen, elkarteen eta enpresen lankidetza, aktibazioa eta inplikazioa bilatzen jarraitzeko. Izan ere, uste du benetan garrantzitsua izango dela Pasaiako kolektiboak aktibatzea Topoa, Adinberri, lonja, Herrerako pabilioiak eta Donibaneko saneamendua egiteko obrekin hasi den berroneratze-prozesua aberasteko.

Osaren taldea Pasaiako lau barrutietako 20 gizon eta emakumek osa-tzen dute. Bertan jaio eta bizi dira gehienak eta ondorioz, “ondo ezagutzen dute herria eta ederki dakite zein diren bizilagunen beharrak eta nahiak”.

Honako hauek osatzen dute zerrenda: Enara Mecerreyes, Koldo Errondosoro, Aitor Intxausti, Nahikari Otermin, Oihana Gay, Yago Martínez, Arantxa Larrea, Urko Iturbe, Josu Urtizberea, Jorge Lizarreta, Belen Prieto, Urko Bidegain, Miriam Cano, Jon Samaniego, Isabel Arrillaga, Jaime Tejedor, Sergio Ekiza, Elene Arrazola eta Jon Ander Eceiza.

Aurkezpen ekitaldian, Maria Eugenia Arrizabalaga, burukide jeltzalea eta Deba-Urola barrutiko EAJ/PNVko zerrendaburua, ere izan zen eta Pasaiako taldearen konpromisoa azpimarratu zuen.