Errenteriako Udaleko Kultura sailak XXXVII. Kartel Lehiaketa deitu du, Madalenak 2023 jaietako irudia izango dena aukeratzeko.

Berrikuntza batekin dator aurtengo lehiaketa; izan ere, haurren kategorian ere lehiatu ahalko dute DBH2 arteko gaztetxoek. Lan irabazlea haurren programazioko irudia izango da.

Kartelak herriko jaiekin zerikusia izan behar du eta Herri Bizia webgunean sortutako atal berezian dagoen formularioa beteta bidali beharko dituzte, JPG formatuan.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago jada eta maiatzaren 11n amaituko da. Epaia maiatzaren 31an jakinaraziko dute jendaurrean. Kategoria orokorreko irabazleak 1.050 euro jasoko ditu, haurren kategoriako saridunak aldiz, eskola materiala erosteko 150 euroko bonoa jasoko du.

Herritarrek ere bozkatzeko aukera izango dute maiatzaren 22tik 30era, Xenpelar Etxean erakusten diren lanen artean.