Azken 37 urtetan, euskararen erabilera areagotu egin da Tolosa kaleetan. 1985ean, %29koa zen eta 2022an, berriz, %52,5ekoa. Azken emaitza hau, gainera, neurketak egiten direnetik jasotako altuena da eta laugarren aldiz, eta jarraian gainera, euskararen kale erabilera gaztelaniarenaren gainetik erregistratu da.

Tolosan, 1981etik 2021era, euskaldunak biztanleen %50 izatetik % 70 izatera pasa dira. Horri begira, tolosarren ezagutzan egindako 20 puntuko igoeraren antzekoa da 1985etik 2022ra kale-erabilera neurketen arteko aldea. Berriki aurkeztu dituzte Hizkuntzen Erabileraren 2022ko Kale-Neurketaren emaitzak Galtzaundi Euskara Taldeak, Tolosako Udalak eta UEMAk. 1985. urtetik, urtero egiten da neurketa hau Tolosan. 2022koan, 4.646 elkarrizketaren eta 6.317 hiztunen informazioa bildu da.

Datuak xehetuz, haurrak (%76) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak (%67) daude, eta horiei jarraiki heldu-gazteak (%62), heldu-nagusiak (%38) eta adinekoak (%36). Bilakaera horretan azpimarratzeko da 45 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 45 urtez azpikoek %67,5eko erabilera erregistratu dute, eta 45 urtez gorakoei %37ko erabilera neurtu zaie.

1985etik, belaunaldien arteko euskararen kale-erabileraren sailkapena erabat aldatu da. Gazteak erabileran azkenak izatetik bigarrenak izatera pasatu dira eta horrela, duela 37 urte adinean helduenak euskara gehiago erabiltzetik, orain, belaunaldi gazteenak dira gehien erabiltzen dutenak.

Erregistratutako lehen urteetan, igoera oso handia izan zuen haurren erabilerak, aldiz, azken urteetan apaldu egin da tendentzia hori. Gazteen erabilerak igoera nabarmena izan du 2014tik eta helduek hazkunde erritmo konstantean jarraitzen dute. Aipatzekoa da, azken urteetan, adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan duela 90eko hamarkadatik lehen aldiz, eta errekuperazio zan-tzuak ere nabari direla. Haurren presentziak zeresan handia du. Erabilera daturik altuenak haurrak eta helduak batera daudenean, eta haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean erregistratzen dira (%78).

Euskara Tolosan egiten ari den bidea “lorpen kolektiboa” da Galtzaundiren ustez. “2022ko Kale-Naurketak Tolosako kaleetako euskararen nagusitasuna baieztatzen du. 2019tik aurrera, euskara da kalean gehien entzuten den hizkuntza eta argi esan daiteke emaitza anekdotikoak izan beharrean, euskararen erabilera indarberritze joera argian egonkortuta dagoela Tolosako kaleetan”, ondorioztatzen dute Galtzaundiko kideek.