Zestoako EAJ-PNVk badu alketagaia maiatzeko udal hauteskundeetarako: Garikoitz Mendizabal Etxeberria izango da. Baina Mendizabal ez da egongo bakarrik erronka horri aurre egiteko eta hauek dira EAJ-PNVren hautagien zerrenda osatzen duten kideak: Montse Atxega Etxebeste, Eva Mangas Beobide, Dani Peñas Hilario, Itziar Elorza Nieto, Xabier Gallastegi Idigoras, Karmelo Mendizabal Irigoyen, Jacqueline Zunzunegi Courts, Asier Mendia Uranga, Rosa Irazabal Garmendia, Juan Mº Aramendi Agirrezabalaga eta Josetxo Mendizabal Irigoyen (ordezkoa).

Osatu duten taldeak Zestoari buruz duen ezagutza eta, batez ere, ezagutza horrek bozka ematerakoan herritarren artean izan dezakeen eragina nabarmendu zuen Mendizabalek hautagaien zerrendaren aurkezpenean. “Konpromisoa, umiltasuna eta eskarmentua dira gure taldearen ezaugarri nagusiak. Zestoa ezagutzen dugu, herria eta bere auzoak maite ditugu. Ikuspegi zabala eta anitza dugu dauden beharren inguruan: bai erdigunekoak, eta baita auzoetakoak ere”.

Esperientzia

Garikoitz Mendizabalek esan zuenez, EAJ-PNVk hautagaiek urteekin lortutako esperientzia aprobetxatzea nahi dute Zestoako Udalean lan egiteko moduak aldatzeko. “Herrigintzan edota udalgintzan aritutakoak gara guztiok. Elkarlanean eta auzolanean sinesten dugu, eta konbentzituta gaude gauzak egiteko beste modu bat merezi dugula Udalean: irekiagoa, zintzoagoa, eraikitzaileagoa eta apalagoa. Kudeaketa eraginkorragoa behar dugu, zestoarron aniztasuna errespetatuko duena. Eta hori lortzeko esparru ezberdinetan eskarmentua duten pertsonekin osatu dugu taldea: gizarte zerbi-tzuetan, arkitekturan, energian, kulturan, kirolan, enpresa munduan,...”, esan zuen Mendizabalek.