Zumarragako ospitaleko garbitzaileak greba egiten ari dira berriro, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuen babesarekin. Aurrekoak aste bateko iraupena izan zuen. Otsaila amaieran hasi zuten eta martxoaren 5ean amaitu. Beraien aldarrikapenak aintzat hartu ez dituztela ikusita, berriro greba egiten ari dira. Oraingoak bi asteko iraupena izango du. Martxoaren 20an hasi zuten eta igandean amaituko dute. Aurrerapausorik ez badago, apiriletik aurrera protesta gogortuko dute. “Hitzarmen duina” eskatzen ari dira.

Astelehenean eta asteartean manifestazioak egin zituzten, ospitale inguruan. Ostegun arratsaldean, berriz, herrigunean egin zuten manifestazioa. Urretxu eta Zumarragako kaleak zeharkatu zituzten. Atzo goizean kontzentrazioa egin zuten Eusko Legebiltzarrean.

Langileek negoziazioa blokeatuta dagoela diote. “Bost urte igaro ondoren, eta Osakidetzako garbiketa zerbitzuen esleipendun diren enpresekin berrogeita hamar bat bilera burutu ostean, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da”.

Homologazio-printzipioa

Osakidetzako langileen baldintza berak edukitzeari utzi diotela salatu dute. “Garbialdi buru duten enpresa esleipendunek eta bezeroak (Osakidetza) hamarkadetan indarrean egon den homologazio-printzipioa haustea erabaki dute. Printzipio horren arabera, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldin-tza berberak guri aplikatzea lortu genuen”.

Zumarragako ospitaleko garbitzaileek Osakidetzak bitartekari lana egin beharko lukeela uste dute. “Osakidetzako zuzendaritzara askotan jo dugu, gatazka honetan bitartekari lanak egin ditzan, baina erakunde publiko honek ez du erantzuteko duintasuna erakutsi. Euskal Administrazioa sektore maskulinizatuetako gatazketan (metala) inplikatu egiten da eta lan gatazkaren protagonistak emakumeak garenean bizkarra ematen du”.

Ez daude amore emateko prest. “Egoera oso larria da, baina Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileok ez dugu amore ematen. Ez gaude prest duela hamarkada ba-tzuk borroka bikain batzuen ondoren lortutako eskubideak galtzeko. Gure hitzarmena eta homologazioaren printzipioa hortzez eta haginez defendatuko ditugu”, amaitu dute Zumarragako ospitaleko garbitzaileek.