Euskara sustatu eta erabilera bultzatzeko hitzarmena sinatu dute Larraina elkarteak eta Zumaiako Udalak bigarren urtez. 2023an zehar euskararen sustapenaren aldeko ekintzak aurrera eramateko 10.000 euroko laguntza emango dio Udalak elkarteari.
Larraina euskara taldea 2020an eratu zen. Hasieran Euskaraldia antolatzeko sortu zen. Horrez gero, zenbait sentsibilizazio kanpaina eta ikerketa egin ditu eta 2022ko urtarrilean formalki eratu zen.
Elkartearen helburuak honako hauek dira: Zumaian euskararen erabilera sustatzea, Euskarak 365 egun ekimena eta izaera bereko beste batzuk bideratzen laguntzea, Euskaraldia bultzatzea, hitzaldi zikloa antolatzea, euskal kultura herritarren artean zabaltzea eta, euskarari dagokionez, Zumaiako herritarrak sentsibilizatzeae. Gainera, Larrainak hainbat jarduera egingo ditu urtean euskara sustatu eta erabilera bultzatzeko asmoz.
Elkarteak herriko berezko hizkuntzare alde eta irabazi asmorik gabe egiten duela ikusita, Zumaiako Udalaren iritziz “interes sozial handikoa da”. Udalarentzat lehentasun handikoa da euskararen sustapena eta jakitun da kasu askotan Udaletik bertatik egin ezin dena egin litekeela herrigintzatik elkarte baten bidtartez. Horregatik emango dio 10.000 euroko diru laguntza. Gainera, bi aldeek harreman iraunkorra izango dute, eta, urtean gutxienez hiru aldiz euskara zerbitzuko teknikariekin bilduko dira elkartekideak, ekimenak elkarrekin adosteko eta elkarren berri izateko.
Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak aspalditik du harreman zuzena herriko euskaltzaleekin, eta Larraina sortu zenetik, eskuz esku aritu dira lanean bi aldeak. Udalak euskara sustatzeko konpromiso eta borondatea agertu du eta elkarteen lana eta konpromisoa eskertzen du.