Azpeitiko Udalak eta UKTko Uztarriak elkarlanean Xapokeitan lehiaketa abian jarri dute. Azpeitiko eta Euskal Herriko hainbat gairekin zerikusia duten galdera-erantzunen jolasa da (euskara, kultura, erlijioa, kirola, zientzia, ingurumena, politika, festak,...) eta azpeitiarrok zer diren eta nola diren ezagutaraztea eta zabaltzea da bere helburu nagusia.

Lehiaketak bi zati izango ditu. Alde batetik, galdera-erantzunen online jokoa, apirilaren 17tik apirilaren 30era. Lehiakideek 14 egunez jarraian (asteburuak barne) 10 galderari erantzun beharko diete egunero, 08.00etatik 12.00etara bitartean. Finalaren protagonistak hiru bikote izango dira. Bi puntuaziorik onenak lortu dituzten lehiakideak eta finalerako aukeratuko dituzten lagunak alde batetik, eta gainerako lehiakideen artean egindako zozketa batean aterako dena, bestetik. Finala maiatzaren 9an jokatuko da Sanagustin kulturgunean. Irabazleek 100 euroko Bertan bonu bana, bertako produktuez osatutako otarre bana eta garaikurra jasoko dituzte. 2. eta 3. postuetan sailkatzen direnak, berriz, 50 euroko Bertan bonu bana, bertako produktuez osatutako otarre bana, eta garaikurra. Gainera, hamar sari gehiago zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean finalaren egunean.

Izen-ematea

Apirilaren 4an, 12.00ak baino lehen, bukatzen da inskripzio epea (https://forms.gle/-mTwcqfB5DZ8jmHM56). Lehiakideek 16 urte baino gehiago izan beharko dituzte (adin txikikoek gurasoen baimenarekin).