Usurbilgo Kirol sailak jakinarazi duenez, zenbait konponketa lan egingo dituzte datozen egun eta asteetan frontoian eta Haranen. Frontoiaren kasuan, bihar hasiko dira lanak, eta erabat itxi beharko dute, hiru astez, lanak egin ahal izateko. Haraneko lanak, berriz, hasita daude dagoeneko.

Frontoiari dagokionez, lehenengo, frontoiko lurzorua konponduko dute: zulo txiki ugari dauzka, eta dena berdintzeko lanak egingo dituzte, bi egunetan. Zorua lehor-tzen utziko dute egun batez, eta, ondoren paretekin hasiko dira lanean. Batetik, goiko sarea kenduko dute, eta berria jarri, eta bitarte horretan kristalak garbitzeko aprobetxatuko dute. Horiek egindakoan, berriz, paretak margotuko dituzte, eta aurreikuspenen arabera, bi aste beharko dituzte horretarako. Lan horiek amaituta, frontoia apirilaren 17an irekiko dute berriz. Lan horien guztien kostua 15.000 euro ingurukoa izango da.

Haraneri dagokionez, lanak hasita daude dagoeneko. Barandak eta aldagelak pintatuko dituzte eta kanpoko porteriak gordetzeko itxiturak jarriko dituzte.

Haraneko belarra udan aldatu nahi du Udalak, eta horren aurretik zenbait konponketa lan egiteko aprobetxatuko du. Belarra aldatzeko esleipena epe motzean jarri nahi dute martxan.