EH Bilduk, Tolosako kirol instalazioetako langileak greban dauden honetan, dei egin dio enpresa kudeatzaileari lan baldintzen inguruko negoziaketa egin dezan, eta babesa adierazi die kiroldegiko langileei “euren lan baldintzak hobetzeko abiarazi duten borrokan”.

Afera honetan, EH Bilduren ustez funtsezkoa da kirol instalazioen langileen lan baldintzak hobetzea, zerbitzuaren bideragarritasuna mantentzea eta tolosar guztiek oinarrizko zerbitzu hau erabiltzeko aukera izatea. Gogora ekarri dute euren kezka agertu zutela ustiaketa kontratu berriaren nondik norakoak zehaztu ziren unean: “Arlo ekonomikoak teknikoak baino garrantzi askoz haundiagoa duenean zerbitzuaren kalitatean ondorioak ekarten ditu. Hasieratik esan genuen kezkatzen gintuela langileen etorkizunak eta kontratuaren jarraipena egiteko eskatu genuen”.

Kudeaketari dagokionez, honakoa uste dute: “Kirol instalakuntzen kudeaketa udal zerbitzua izanik, haren ardura da zerbitzua ematea, baina PNV-PSEren politika pribatiza-tzaileen ondorioz zerbitzua emakida bidez kudeatzen da, Udalaren esku hartze aukera murriztuz. Lan gatazka konpontze aldera eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko sarrera eta gastuen azterketa sakona egin behar da”. Esaterako, 2024ko tarifak berrikusi behar izatekotan, hauek “progresiboak” izan behar dutela uste dute. Amaitzeko, Tolosako kirol instalakuntzetako langileek soldata “duinak” behar dituztela aldarrikatu dute, eta lan baldintzetan “aurrerapausoak” emateko gakoa “sektoreko lan hitzarmen kolektiboa” izango dela.