Ukraina: berunezko egia argazki erakusketa inauguratu du Zumarragako kultur etxean Andoni Lubaki gatazka kazetari urretxuarrak. Bertan, Ukrainako gerran ateratako argazkiak ikus daitezke.

Erakusketan, Lubakik ateratako argazkiez gain, Ukrainatik Zumarragara etorritako pertsonen testigan-tzekin prestatutako bideoa ere ikus daiteke. Gainera, Lubakik bisita gidatua eskainiko du gaur 19.00etan. Horretaz gain, Urretxu eta Zumarragako hiru ikastetxeetara joango da, ikasleei Ukrainan gertatzen ari denaren berri ematera. Erakusketa apirilaren 21a arte egongo da zabalik.

Inaugurazio ekitaldia atzo goizean izan zen. Lubakik, Arantxa Gonzalez zinegotziak eta Ukrainatik etorritako hainbat pertsonek parte hartu zuten.

Gonzalezek Zumarraga “harrera herria” dela esan zuen. “Herritarrak eta Udala askotan mobilizatu dira behar zutenei laguntzeko: Haitiko lurrikara, La Palmako sumendia, Turkia eta Siriako lurrikara, gerra ezberdinak...”.

Argazkiei dagokienez, Gonzalezek Lubakiren lana goraipatu zuen. “2011n hasi zen eta ordutik mundu osoan zehar bidaiatu du. Bere kamerarekin gerrek, hondamendi naturalek eta gatazka sozialek sortzen dituzten miseriak jaso ditu. Bere argazkiak mundu osoko komunikabideetan argitaratu dituzte, 60 erakusketa baino gehiago egin ditu eta sari asko irabazi ditu. Bere lana oso garrantzitsua da, kontzientzia pizteko”.

Lubakik erakusketako argazkiak aukeratzea “oso zaila” izan dela esan zuen. “Urte asko daramatzat zonalde horretan lanean eta erakusketa bat egin nahi nuen jendearen kontzientzia pizteko. Baina 6.500 argazki baino gehiago ditut. Gutxi batzuk aukeratzea oso zaila izan da. Gainera, argazkietan azaltzen direnetako batzuk hilda daude dagoeneko”.

Argazkiekin batera, bere hausnarketak jarri ditu. “Gauean, bakarrik zaudenean, argindarrik gabe, frontala piztu eta egunez ikusitakoari buruz hausnartzen duzu”.