Larunbatean jokatu zen bertsolari gazteen 51. Osinalde sariketako lehen kanporaketa, eta 25. Argi Berri Saria. Ordiziako Lander Arizmendi eta Eskoriatzako Oihana Arana izan ziren, epailearen ustez, onenak. Horregatik, apirilaren 15ean, Gabiriako Osinalde Elkartean jokatuko den finalean kantuan izango dira bi bertsolari gipuzkoar hauek.

Gainontzeko finalistak hurrengo bi kanporaketetatik irtengo dira; martxoaren 25ean, Zaldibian jokatuko den Osin Berde saritik, eta Gabirian, apirilaren 1ean, lehiatuko den Aztiri Saritik.

Argi Berri Saria

Larunbateko txapelketara itzuliz, Lander Arizmendik irabazi zuen honakoa, izan ere entzulearen oniritzia ere lortu zuen. Berak jaso zuen Alvaro De Andres Argi Berri Elkartearen presidentearen eskutik Txikia oroigarria, Anton Mendizabal eskultoreak egindakoa.

Guztira sei bertsolari izan ziren kantuan: Asier Alcedo (Portugalete), Oihana Arana (Eskoriatza), Josu Ibarguren (Oiartzun), Urko Arregi (Oñati), Haize Arana (Eskoriatza) eta Lander Arizmendi (Ordizia). Parte-hartzaile guztiek jaso zuten oroigarri bana.

Bestalde, aurkezle lanetan Igor Eguren aritu zen. Gainera, bertsolariak kopletan aritzeko, Josu Albisu eta Furriela trikitilarien laguntza izan zuten. Epaile lanetan, berriz, Maite Sukia, Nikolas Zeberio eta Mikel Urteaga ibili ziren.

Aurtengo Argi Berri Sariak arrakasta handia izan du, izan ere 65 lagunek afaldu zuten elkartean eta ondorengo bertso saioaz 20 pertsonek gozatu zuten. Antolatzaileak pozik daude erantzunarekin.