Gaur, 11.00etatik aurrera, Zuhaitz Egunaren 28. edizioa egingo da San Telmo inguruan. Azken urteotan bezala, landatuko den espeziea ametza da, eta 2016an jaiotako haurrei makila bana oparituko zaie, eguerdiko 12.00etatik aurrera.

Zuhaitz Egunaren lehen edizioa 1995.ean egin zen, eta orduan 117 zuhaitz landatu ziren. “Antzeko mendietan aritu ginen orduan, eta topea 2008.ean izan zen, 188 zuhaitzekin. Ordutik aurrera kopurua jaisten joan da, eta azken urtetan askotan ez gara iritsi 100 zuhaitza landatzera”, azaldu zuen Juan Luis Silanes zinegotziak. Urte guzti hauetan, guztira 3.810 zuhaitz landatu dira.