Udalarekin sinatutako hitzarmenaren baitan, Pasiotarrek Urretxu utzi zuten eta beraien eraikinak herriaren esku gelditu ziren. Komentuan Aspaceren eguneko zentroa, apartamentu tutelatuak eta adinekoentzako apartamentuak egingo dira. Eliza, berriz, gune soziokultural bilakatu da. Azken hilabeteetan hainbat ekitaldi antolatu dira bertan: Urretxu-Zumarraga Ikastolako haurren azoka, Bi-Tartean merkatari elkartearen kanpaina... Larunbat honetan, berriz, eraikinak bideojokoen zaleak hartuko ditu. League of legends bideojokoaren zaleak, hain zuzen ere.

Bisons Club Taldea

League of legends bideojokoko Superligan parte hartuko duen euskal taldearen aurkezpena bertan izango da. Bideo-jokoen inguruko ekitaldiak ere egongo dira, Urretxuko Udalaren, Piztu Gazte Mahaiaren, Bisons Club taldearen eta Euskaltelen eskutik.

Ekitaldia 16.00etan hasiko da. Hasteko, Superligan parte hartuko duen taldearekin lotutako materiala oparituko zaie ekitaldian parte hartzen dutenei. Gainera, hamar bat bideojokotan jokatzeko aukera egongo da.

16.30ean, sorpresa txiki baten ondoren, jokalari profesionalek ikusleen aurka jokatuko dute. Partida pantaila erraldoi batean ikusi ahal izango da, jarraitzaile guztien gozamenerako.

17.00etan Bisons klubari buruzko hitzaldia egingo dute. Bisons Superligan parte hartuko duen taldea da. Bizkaian sortu zen eta profesionala da. Beraien arrakastaren gakoen berri emango dute. 18.00etan Bisons klubeko entrenatzaileek beraien lanaren berri emango dute.

Bukatzeko, 19.40ean profesionalen eta afizionatuen arteko partidako finala jokatuko da.

League of legends estrategia jokoa 2009an sortu zuten. Bertan, bost laguneko bi talde elkarren aurka lehiatzen dira. Helburua beste taldearen basea txikitzea da.