Asteburuan Espainiako pista estaliko atletismo txapelketa jokatu da Madrilen. Lorea Ibarzabalek, Daniel Ibarzabal zumarragarraren alabak, 800 metroko proba irabazi du. Duela bi urte ere bera nagusitu zen.

Ibarzabal denboraldi bikaina egiten ari da. Duela egun batzuk Espainiako betiko bigarren marka onena egin zuen (2:01:00) Frantziako Metz hirian eta Europako txapelketarako txartela lortu zuen. Europako txapelketa Istanbulen jokatuko da, martxoaren 2tik 5era.

ATSS taldekoa

Ibarzabal madrildarra da, baina bere aita zumarragarra da eta Gipuzkoarekin lotura estua izan du beti. CAP Alcobendas taldearekin eman zituen lehen pausoak, baina lasterketa garrantzitsuenetan parte-hartzea ahalbidetuko zion talde batera joatea erabaki zuen eta Donostiako Atletico San Sebastian taldeak aukera hori eman zion.