Normalean, amatasuna modu pribatuan bizi egiten da. Horregatik, gaiak dituen askotariko ertzez aritzeko bidea urratzen hasi da Hernaniko Ama Feministen taldea.

Gogorazi dutenez, 2022. urtean, Hernaniko Berdintasun sailak Emakumeentzako Jabetze Eskoletan antolatutako tailer batekin ekin zi-tzaion taldearen osatze prozesuari: “Bertan 30 andre inguru elkartu ginen amatasunaren inguruan hausnartzeko, emozioak askatzeko zein ezinegonak mahaigaineratzeko. Ondoren, elkartzen jarraitzeko beharra eta nahia agerian geratu ziren”.

Horiek horrela, datorren larunbatean, 10.30etik 13.00etara, Kulturarteko Plaza Feministan, Amatasunen Topaketak antolatu dituzte, Hernaniko Udaleko Berdintasun sailaren laguntzaz.

Bi helburu izango ditu saio honek. Alde batetik, Ama Feministen taldearen ibilbidea ezagutzera eman eta taldea irekitzeko. Bestetik, saioan bildutako emakume guztien artean, amatasunaren gaia nondik landu erabakitzeko eta prozesu bat egiteko.

Azken honi lotuta, Emagin elkarteak antolatuta, udazken honetan (Ez) amatasunak ikuspegi feministatik topaketetan bildutako ehunka emakumeren artean osatutako amatasunen korapiloak askatzeko estrategia feministak erabiliko dira ariketa horretan ardatz gisa eta horiek askatze bidean aurreikusten da zenbait saio egitea ikasturte honetan zehar.

Horrenbestez, taldetik dei egin diete gaiaz jarduteko interesa izan dezaketen emakumeei. Ez da aurrez izena eman beharko, etortzearekin aski izango da.