Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi eta hainbat lagun atxilotu zituela hogei urte beteko dira bihar. Gertaera hori gogora ekartzeko, bost ekitaldi antolatu ditu Errenterian Kilometroak 23k, bihartik ostirala arte. Berria egunkariarekin batera prestatutako aste osoko egitaraua da.

Aste honi hasiera emateko, bihar Imanol Murua Uriak Egunero behar genuen bere liburuaren aurkezpena egingo du Lekuona Fabrikan, 19.00etan. Murua kazetaria, EHUko irakasle eta ikertzailea da gaur egun, eta ondutako obran Euskaldunon Egunkaria itxi eta Berria argitara-tzen hasi bitartean kaleratu zen egunkariaren historia jasotzen du.

Biharko ekitaldian liburuaren sor-tze prozesuari eta edukiari buruz arituko da. Izan ere, Muruak berak, Eguneroren sortze prozesua eta bilakaera lehen lerroan jarraitu zituen. Biharko aurkezpenean hainbat auzipetu izango dira.

Bestalde, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren eta eman zen eran-tzunaren inguruko informazioa jasotzen jardun dute igaro asteotan Orereta ikastolako ikasleek. DBHko 2. mailako eta Batxilergoko Oiartzoko ikasleek hartu dute eginkizuna, eta, bere tamainan mugarri izango den beste hedabide bat plazaratuko dute asteartean: Egun oro. 5.000 ale inguru zabalduko dira herrian, Berriarekin elkarlanean.

Asteazkenean, 19.00etan Niessen auditorioan, Paperezko hegoak dokumentalaren emanaldia izango da, Euskaldunon Egunkariaren itxiera azaltzeko egin diren lanen artean nabarmenenetariko bat da. Solasaldi bat egingo da emanaldiaren ostean, eta bertan itxieraren ostean auzipetuta egondako hainbat pertsona egongo dira. Ekimen hau Ozzinema elkartearekin elkarlanean egin da.

Ostegunean, 19.00etatik 20.00etara, Egunkariatik Berriara izeneko itzuli artistikoa egingo da herriko hiru tabernaren parean: Arkaitzan, Desiran eta Zuzenen. Txandaka, hiru txoko horietan, Egunkariaren itxieraren gaia landuko da era artistikoago eta sortzaileago batean; hiru era ezberdinetan: solasaldia, ipuina eta ilustrazioa eta musika.

Azkenik, ostiralean Jon Maia Soria bertsolariak Kantu bat gara ikuskizuna eskainiko du Lekuona Fabrikan 19.30ean.

Kontzertu honetan propio erreparatuko die Kilometroak 23ren barruan jorratuko diren hainbat gairi, baita Euskaldunon Egunkariaren itxierari ere eta horrek aparteko izaera emango dio emanaldiari. Sarrerak salgai daude, Errenteriako Udalaren sarrerak.errenteria.eus webgunean.