Kantauriar isurialdean dauden handienetakoak dira Getariako artelatz-baso eta eremuak, Zarauzkoekin batera. Eremu hori Europak babesten du, EAEko Natura 2000 Sareko Garate-Santa Barbara izeneko espazioa da eta Europar Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak dituelako dago babestuta.

Hiru herritarren ekimenez eta Getariako Udalaren laguntzaz, Garate inguruan dagoen artelatz eremua lehenagotzen ari dira. Iaz hasi ziren eta guztira, 700 artelatz landatu dituzte jada. Oraingoz, ondo egokitu dira, egoera osasuntsuan daude eta gainera, ugaltzen ari dira.

Horrez gain, beste hainbat gauza ere egiten ari dira. Herri-bideak berreskuratzen ari dira, inguruak txukuntzen ari dira eta urmaelak sortu edota zenbait espezie exotiko nahiz inbaditzaile kentzen ari dira.

Balio ekologiko handia du eta gune batzuk oso ondo kontserbatuta daude oraindik ere, toki malkarretan eta aldenduetan daudelako.

Beste batzuk, aldiz, egoera larrian daude, batez ere, kanpoko espezie inbaditzaileak ez ezik, landatutako exotikoak (pinuak eta ipar haritza, adibidez) haien tokia hartu dutelako, mozketek eta suak kaltetu izan dituztelako edota bakanduta daudelako.

Iaz 52.000 euroko dirulaguntza jaso zuen Getariak herriko hiru lagunek egindako proposamen bati esker. Artelatz guztiak jabe pribatuen eremuetan daude eta egitasmoa aurrera irteteko, ezinbestekoa zen lurjabeak ekimenarekin ados egotea. Hiru lurjabe bat etorri ziren egitasmoarekin (Azkue Hotela eta Kajuategi eta Altuza baserriak). Eremu horiek zortzi hektarea pasako hedadura hartzen dute.

Egitasmoaren bultzatzaileek epe luzerako proiektu gisa irudikatzen dute iaz hasitako esperientzia. Bi urtetako dirulaguntza da Eusko Jaurlari-tzarena eta asmoa dute 2024 eta 2025 urteetarako ere dirulaguntza lehiaketara aurkezteko (betiere hasitako lan horiek beste lur-eremu batzuetan jarraitu ahal izateko. Azkenik, datorren martxoaren 26an (igandea) Zuhaitz Eguna ospatuko dute eta Garate gainetik Zingira baserrira doan herri-bidearen alboetan heskaiak leheneratzeko deialdia egingo dute.