Berritzeak bultzada eman dio Azpeitiko azokari; eta horrenbestez, baita lehen sektoreari ere. Oraindik asko badago ere egiteko, bost urteko ibilbidea ospatzeko ekitaldi irekia egingo da larunbatean, 12.00etan, Azoka Plazan bertan; ondoren luntxa egiteko tartea ere izango da. Bertako ekoizpena eta ekoizleak erdigunean jarri eta elkarrekin egindakoa gogoratzeko eguna izango da.

Duela bost urtetik bertako eta garaiko produktuen erakustokia bilakatu da Azpeitiko Azoka Plaza. Gainbeheran zen azoka herriko eragile desberdinen artean elkarlanean birpentsatu, eraikina goitik behera eraberritu eta proiektua oinarrietara ekarri zen: bertako produktuen salmentara, baserritar eta ekoizleen saretzera; gertutasunera; konfiantzara. Hori guztia bidelagun den Elikagunea ireki eta martxan hastearekin batera.

Harrezkero, azoka plaza ireki zen 2018ko otsailaren 3 hartatik, bost urte pasatu dira eta gaur egun Azoka Plazaren eta Elikagunearen aldeko apustua sendoa da herrian. Hasierako ziurgabetasun haiei babesarekin erantzun die azpeitiarrek eta hori ospatzea da helburua.

Hasiera guztiak izan ohi dira zailak, baina herritarrek lehen egunetik egin dute bertakoaren eta garaikoaren alde, eta pixkanaka gero eta azpeitiar gehiagoren hautua da bertako produktuak kontsumitzea. Hala, hautu horrek zuzeneko eragina du herriko eta eskualdeko lehen sektorean eta ekonomian. Produkzioa handitzea edo lehen sektorearen dibertsifikazioa bezalako onurak ekar ditzakelako.

Bost urte hauetan jarritako oinarri sendoaren gainean asko dago egiteko eta hobetzeko, hala ere, ospa-tzeko ere badagoelakoan larunbatean 12.00etan hasita ekitaldi irekia egingo da eta azoka plazako ekoizle eta erabiltzaileez gain, herritar oro gonbidatuta dago. Bertan, lehenik bost urteen errepasoa egingo da, besteak beste, bideo baten bidez. Ondoren, luntxa ere izango da elkarrekin urteurrena ospatzeko.