Irungo Udaleko Euskara Arloaren ‘Kalean Bai’ elkarteetan euskara sustatzeko programaren baitan, Real Union klubak lehen Euskara Plana aurkeztu du, 2022-2027 iraupen-aldirako.

Klubaren planak hiru helburu ditu: lehenengoa, taldearen hizkuntza-irizpideak zehaztea, eta horiek barneko kideei zein kanpokoei jakinaraztea. Horrekin batera, irizpideak betetzeko neurriak eta baliabideak ezartzea eta betetze-mailari jarraipena egitea eskatuko du. Bigarren helburua euskara-planaren inguruko adostasuna lortzea da. Azkenik, ekimen honen bitartez gizartean erakunde elebidunaren irudia zabaldu eta gutxinaka aurrerapausoak eman nahi dira. Hori dena lortzeko, 32 ekintza zehaztu ditu Real Unión klubak.

Igor Emery, klubeko Administrazio Kontseiluko presidenteak, “euskara klubaren egunerokotasunaren parte” dela adierazi zuen atzo. “Euskara gure proiektuaren ardatzetako bat da, eta dagoeneko lehen urratasak eman ditugu: Klubeko komunikazioak elebidunak dira eta webgune berria euskaraz ere kontsulta daiteke”.

Bestalde, Miren Etxebeste Euskara arloko ordezkariak esan zuen klubak prestatu duen planari esker, “ziur gaude futbolean ere gero eta euskara gehiago” egingo dela.