Usurbilgo Emakumeen Etxeko proiektuaren talde sustatzaileak irekierara begira lanketa zehatzagoak egiteko helburuarekin lanari berrekin zion ikasturte berria kontuan izanda.

Hurrengo hitzordu garrantzitsua martxoaren 4an finkatu dute. Proiektua ahalik eta emakume gehienengana iristeko helburuarekin, asanblada irekia antolatu dute Potxoenean, 12.00etan. Asanbladara joan nahi dutenei aldez aurretik izena emateko eskatu diete, 943 377 110 telefonora deituta edo parekidetasuna1@usurbil.eus helbidera idatzita.

Azken hilabeteetan, Pelaioenea barrutik eraikitzeko obrak martxan, proiektuaren inguruko lanketa zehatzagoa egiten aritu da talde sustatzailea, Elhuyarren laguntzarekin: etxeak emango dituen zerbitzuak, egin daitezkeen ekitaldi eta ikastaroak eta abar. Horien guztien berri emango dute martxoaren 4ko asanbladan. Obraren egoerak ahalbidetzen badu, eraikina barrutik ikusteko aukera ere izango da egun horretan.

Horren ostean, Martxoaren 8aren bueltan egin ohi zen bertso-bazkaria berreskuratuko dute. Maialen Lujanbio, Jone Uria eta Saioa Alkaiza arituko dira bertsotan, Amaia Agirre gai-jartzailearen esanetara. Aurrerago jakinaraziko dute tiketak nola eskuratu.