Abiatu dute plaieroetako kamiseta izango denaren diseinua erabakitzen lagunduko duen bozketa irekia.

Guztira 25 proposamen aurkeztu dira eta bakarrari eman ahalko da botoa Internet bidez egiten ari diren bozketan. Bozketaren esteka www.twitter.com/playeruak kontuan aurkitu daiteke.

Datorren asteko asteartea izango da azken eguna bozka eman ahal izateko eta gauerdian itxiko da. Lau diseinu bozkatuenak hurrengo fasera sailkatuko dira.

Ondoren, antolaketa taldea osatzen duten 20 lagunek hartuko dute parte bigarren bozketan eta 15ean jakinaraziko dute azken ebazpena. Diseinu irabazlearen sortzaileak 150 euro irabaziko ditu.

Lehiaketa aurkezterakoan azaldu zutenez, plaieroen irudia hondartzatik atera eta herri osoan zabaltzeko baliatu nahi dute kamiseta, hori dela eta elastikoaren erabilera ez da aurtengo denboraldira soilik mugatuko.