Gipuzkoako txoko guztietara iritsiko da gaurko gaueanEkialdeko Erregeen magia, hiru pertsonaiak herrietako hainbat desfiletan agertuko baitira, nonahikotasunaren dohainari esker. Errege Magoen agerraldirik goiztiarrena Donostian izango da, 10.30ean Tabakaleran izango baitira, bertan bildutako guztiak agurtzeko. Ondoren, auto klasiko batean sartu eta hiriko auzoetan barrena ibiliko dira, ahalik eta haur gehienengana hurbildu asmoz.

Eta Ekialdeko izarraren atzetik datozen pertsonaiak goizetik iritsiko dira Gipuzkoako beste herri batzuetara ere, esate baterako 12.00etatik aurrera izango dira Lasarte-Oriako Okendo plazan, eta Tolosan 11.00etan agertuko dira San Esteban auzoko Gure Zirkuan.

Beste herri batzuetan, adibidez Aian, errege-postariak 12.00etan iritsiko dira haurren gutunak jasotzera, Maiestateak aldiz, arratsaldera arte ez dira herrian agertuko.

Trenez

Meltxor, Gaspar eta Baltasar era guztietako ibilgailuetan iritsiko dira herri bakoitzera. Irunen, ohikoa denez, 18.00etan dira heltzekoak tren geltokira.

Leku guztietan, jakina, Errege Magoek txikien eskaerak entzungo dituzte eta ondo portatu direnei opariak ematen saiatuko dira. Bihurrienentzat ikatz gozoz beteriko zaku batzuk ere izango dituzte prest.

Erregeak arratsalde partean izango dira ikusgai nagusiki. Donostian kabalgata jendetsua antolatu dute; 600 lagun baino gehiago ibiliko dira eta bost karroza, aurten ohikoak baino bat gehiago, buruhandiak eramateko beste bat prestatu baita.

Betiko ibilbidea

Kabalgatak bere betiko ibilbidea berreskuratuko du: 18.00etan abiatuko da Boulevarden eta Hernani, Askatasunaren etorbidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza eta Legazpi kaleetatik pasako da, Boulevardera itzultzeko.

Desfilea ikusteko asmoz donostiar asko eta inguruko herrietako bizilagun ugari hiriaren erdigunera etorriko direnez, autoak erabili ordez garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da.

Errege Magoek ez dituzte ahaztuko, noski, ospitaleak –Zumarragakoa kasu–, eta lurraldeko adinekoen egoitzak ere bisitatuko dituzte, bertan dauden pertsonei ilusio pixka bat eraman eta urte berria irribarre polit batekin has dezaten.