Mitsuko Uchidaren kontzertua urtarrilaren datorren asteko ostiralean izango da Donostiako Kursaalen eta Urola Kostako herritarrek doako autobusean joateko aukera izango dute. Emanaldira joan ahal izateko datorren asteko astelehena baino lehen erreserbatu beharko dute eserlekua interesdunek.

Gainera, beharrezkoa izango da aurrez sarrera erostea Kursaaleko webgunean www.kursaal.es/entradas. Autobuserako erreserba egiteko Udaleko Kultura departamentuko helbide elektronikora idatzi behar da: kultura@zarautz.eus edo 943 005 120 telefonora deitu.

Emanaldian Mitsuko Uchidak, piano jotzaile japoniarra, Mahler Chamber Orchestrarekin joko du Kursaalean eta bertan joko duten abesti sorta honako hau izango da: Mozarten pianorako 25. kontzertua, Shoenbergen 1. Ganbera Sinfonia eta Mozarten pianorako 27. kon-tzertua.

Kontzertua arratsaldeko 20.00etan hasiko da eta doako autobusa ordubete lehenago irtengo da Zarauzko Batzoki aurreko geltokitik.

Zerbitzua antolatu dutenek zehaztu dute eskaintza bertan behera geratuko dela gutxienez hamabost pertsonako taldea osatzen ez bada. Baita ere, jakinarazi dute langabetuek eta 30 urtetik beherako gazteek sarrerak hiru eurotan eskuratu ahal izango dituztela erreserba eginda.

Emanaldiaren egunean bertan jasoko dira sarrera horiek Kursaaleko lehiatiletan eta libre geratutako eserlekuen arabera kokatuko dituzte. Autobusa bertan behera geratuz gero, dirua itzuliko zaie azken hauei.

Urola Kostako herri guztiek jarri dute doako autobusa Kursaalera joan ahal izateko. Informazio gehiago izateko udaletako webgunetan eskura daiteke. l