Sortu berria den Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldea jendaurrean aurkeztu dute aste honetan. Uste dute Hezkuntza Legearen aurreproiektuak ez diela erantzun egokirik ematen hezkuntza mailako beharrei eta eremu honetako eskola publikoa lehenesteko beharra aldarrikatu dute.

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilen euskal eskola publikoaren alde sortu den taldea kezkatuta dago etorkizun hurbilarekin. Bide honetan, administrazio publikoek Aiztondoko euskal eskola publikoa “erdigunean jarri eta lehenesteko” eskatuko dute eta bailarako herri eskolentzat baliabideak exijitu dituzte.

Gizarte justuago eta inklusiboago bat lortzeko segregazioarekin amaitzea lehentasunezkoa izango dela esan dute. Ikasleen eta familien euskalduntze prozesuan bailarako eskola publikoek egiten duten lanari aitortza egiten ere jardun nahi du taldeak eta 0 eta 2 urte arteko haurren heziketan Haurreskolek duten garrantzia azpimarratzen egingo du ahalegina. “Denona, denontzako, euskalduna, laikoa, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua eta kalitatezkoa” Aiztondoko eskola publikoa eta atxikimendu gehiagoren alde lanean jarraituko dutela adierazi dute.