Legorretako Euzko Alderdi Jeltzalearen udal taldeak ez ditu onartu datorren urteko udal aurrekontuak. Pasa den azaroaren 29an, asteartean, ospatutako plenoan ezezkoa eman zuen EAJk, izan ere 2023ko aurrekontuetan ez da islatuta ikusten gazteei zuzendutako etxebizitza babestuak egiteko asmorik.

Euzko Alderdi Jeltzalearentzat, dena den, oso beharrezkoak eta ezinbestekoak dira etxebizitza babestuak herritar gazteenak kanpora joan beharrean udalerrian gera daitezen.

“Euzko Alderdi Jeltzaleak argi eta garbi utzi zuen aldez aurretik, inbertsioetarako zegoen diru partidaren erdia babestutako etxebizitzak egin ahal izateko lurra eskuratzeko destinatu behar zela; gutxi gora behera, 200.000 euro”, aditzera eman du Legorretako alderdi jeltzaleak komunikabideetara zabaldutako komunikatu baten bitartez.

“EHBilduk ez zuen aurrerabiderik ematen eta beste behin, gaia atzeratzeko asmoz, enegarren plangintza bat egiteko beharra mahai gainean jarri zuen”, gehitu du. Arrazoi hoiek medio, ezezkoa eman dio daotrren urteko udal aurrekontuari.

“Gure ustean, udalerriko gazteek etxebizitza eskuratzeko duten arazoen aurrean, Legorretako udalak jarrera proaktiboa azaldu behar du eta promotere pribatuek lehenesten duten prezio libreko etxebizitzen aurrean, babestutako etxebizitzak egiteko urratsak eman behar ditu”, esanez amaitu du adierazpena Legorretako Eusko Alderdi Jeltzaleak. Eztabaida zabalik dago.