Zumarragako Trikitixako Migel Urteaga omendu zuen igandean Ataungo Aizkoate elkarteak “elkartean eta herrian hainbeste urtez jarri izan duten giro eta umore bikainagatik”. Kalejira egin zuten eta ondoren bazkaria Aizkoate elkartean bertan. Urteaga, Aitor eta Kepa semeekin eta Mikel Alustiza ilobarekin joan zen Ataunera.

Aizkoate elkartekoek Zumarragako Trikitixako kideekin harreman estua dute. “Aspalditik Zumarragako Trikitixak harreman handia eta estua izan du gure herriarekin. Garai batean sarritan izaten ziren gure herriko auzo ezberdinetako festetan, giro ederra jarriz. Aizkoate elkarteko egunean ere, San Pedro egunean alegia, ia urtero izaten genituen gure artean. Oroitzapen horrek bultzaturik eta euren lana eskertu nahirik, Aizkoate kultur elkarteak Zumarragako Trikitixako Migel Urteaga omentzea erabaki du”.

Urteaga oso pozik eta esker oneko ageri da, noski. “Ataun herri berezia da guretzat. Askotan jo dugu Ataunen: auzo guztietako festetan. Aizkoate elkartera urtero joaten ginen, San Pedro eguneko bazkarira. Omenaldia egin nahi zidatela esan zidaten eta proposamena pozez hartu nuen, noski”.

Aizkoate elkartean une politak igaro dituela dio. Bertan, Joxemiel Barandiaran zena ezagutzeko aukera eduki zuen. “Urtero joaten zen bazkarira. Azken urteetan, kafea hartzera joaten zen. Horretarako, bere bila joaten ziren. Lagun asko ditut Ataunen”.

Urteagak Santa Isabel egunean jo zuen azkenekoz. Astelehen honetan, ataundarrei esker ona azaltzeko, pieza batzuk jo zituen.