650 Usurbil Bizi deritzan otarrak zozketa bidez banatuko dira abenduaren 31n, San Silvestre lasterketaren ostean, erosketak Usurbilen egiten dituzten bezeroen artean. Saski hauek herriko era guztietako ekoizleen produktuekin osatu nahi dituzte: lehen sektoreko ekoizleak, kultur sortzaileak, moda diseinatzaileak... Horretarako, euren produktuak otarretan banatzea nahi dutenek izena eman beharko dute abenduaren 2ra bitartean, gertuago.eus atarian, astlehen honetatik martxan dagoen formularioa betez.

650 Usurbil Bizi otarra, Kulturgunearen eta Hurbilago merkartari eta ostalari elkartearen elkarlanaren ondorioz sortu da, eta 650 Usurbil Bizi proiektuaren balioak biltzen dituen otarra izatea nahi dute. Proiektu honek Usurbilgo identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza proposatzen du. Hala, herriko ekoizleen lana eta eskain-tza ikusarazi eta balioa eman nahi diote, herrian bertan kontsumitzea bultzatzearekin batera.

Hortaz, abenduaren 5etik 30era bitartean herrian egindako hamar euroko erosketa bakoitzeko, txartel bana jasoko dute herritarrek, eta horien artean egingo da otarren zozketa. Abenduaren 30ean saltoki bakoitzak zozketa egingo du bere bezeroen artean.

Otarrean beren produktuekin parte hartu nahi duten ekoizle eta sortzaileek hainbat baldintza bete behar dituzte. Esaterako, kultura eta sormen industriako jarduerek Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izan behar dute, baina taldean egindako lanak badira, taldekideen %33ak gutxienez Usurbilen erroldatua egon behar du. Azken bost urteetan merkaturatutako produktua izan behar du. Euskaraz sortu diren sorkuntzak lehenetsiko dira.

Bestalde, lehen sektorearentzat, nekazaritza edota abeltzaintza sektoreko jarduerarekin lotura dutenek, ekoizpen-ustiategia Usurbilen kokatua egotea izango da bete beharreko baldintza bakarra. Elikadura-industriari dagokionez, Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleek parte har dezakete. Azkenik, elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan.

AZOKA

Merkatari elkarteak aurten ere udazkeneko azoka antolatu du herriko merkatari eta kanpoko artisau ezberdinekin. Merkatua, datorren igandean, abenduaren 4ean ospatuko da, goizeko 10.00etatik 14.00etara Dema Plazan. Askotariko postuak izango dira. Guztira 30 bat postu jarriko dira. “Gustu eta behar guztietarako edukiko dugu zer ikusi eta erosi”, animatu dute Gertuagotik.

Azoka ospatzeaz gain, haurren- tzat sorkuntza tailerrak egongo dira 11.00etatik aurrera. Hau gutxi izango balitz, 12.00etan Amesgile argitaletxearen eskutik ipuin kontaketa bat izango da. Festa giro-tzeko sagardoa eta gaztain erreak ere dastatzeko aukera egongo da.

Gainera, Gertuago elkarteak gogorazi duenez, elkarteko komertzio eta taberna batzuetan bono kanpaina jarri dute martxan. Bi motako bonoak daude oraingoan: 20 euroren truke 30 euro balio duen bonoa, edota zazpi euroren truke hamar euroko bonoa.