Sexu-abusuen gaia konplexua bezain ezezaguna da eta horregatik, Azpeitiko Udalak ostiralean ospatuko den Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna baliatu nahi izan du haurtzaroan eta nerabezaroan ematen diren sexu-abusuen gaia jorratzeko jardunaldi berezi batzuk antolatzeko.

Datuen arabera, bost pertsonatik batek sexu-indarkeria motaren bat jasan du haurtzaro edo nerabezaroan; eta gertatutako sexu-abusu horiek salatzen dituzten pertsonen %78,8a neska edo emakumea izan ohi da.

Helburua “alarmismorik sortu gabe, datuak aintzat hartuta, errealitate hau plazaratu eta horrelako erasoak detektatzeko eta prebeni-tzeko baliagarri izatea” da, azaldu zuen Leire Goenagak, Parekidetasun zinegotzi eta Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Uxana Agirresarobe, Parekidetasun teknikaria eta Jone de la Cruz, Emakume Txokoko teknikariaria lekuko, ekimena aurkezteko egindako agerraldian.

Goenagaren hitzetan, “sexu abusuak haurtzaroan ezkutuan dagoen egiturazko arazoa da eta lanketa hori egiteko beharra ikusten zen”. Horregatik antolatu ditu Udalak jardunaldi hauek, “sentsibilizazio eta prebentzioarako baliagarriak izango direlakoan”. 

Hiru saio, hiru begirada

Sexu abusuak haurtzaroan ikuspuntu feministatik. Ezkutuko errealitate matxistak izendatzen izenburupean antolatuta, Azpeitian burutuko diren jardunaldiek hiru saio izango dituzte. Horietako bakoi-tzean “ertz edo punta batetik egingo da gaiaren inguruko lanketa”, udalak adierazi zuenez.

Egitaraua abiatzeko, Eraikiz elkarteko kidea den Aitziber Bañosek gidatuko duen saioa izango da datorren astelehenean, 18.30ean, Basazabaleko 2. solairuko aretoan. Saioa Haurtzaroan eta nerabezaroan ematen diren sexu abusuak ezagutzea eta ulertzea prebentziorako eta detekzio goiztiarrerako izenburupean burutuko da eta hizlariak “prebentziorako eta detekzio goizitarrerako klabeak” eskainiko ditu. Bertaratzeko interesa dutenek ostiralera arte eman dezakete izena Emakume Txokoan, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688 751 000 telefonora deituta.

Bigarren saioa abenduaren 19an izango da, leku eta ordu berean. Egun horretan, Ahalduntze Eskola feministetan haurtzaroko sexu abusuen inguruko ikastaroak eskain-tzen dituen Susanna Minguellek Sexu abusuak haurtzaroan: begirada sozial bat izeneko hitzaldia emango du.

Jardunaldiekin amaitzeko, Sortzen aholkularitzako psikologoa eta emakumeen aurkako indarkerian aditua den Norma Vazquez urtarrilaren 30ean gerturatuko da Azpeitira, Haurtzaroan ematen den sexu indarkeria ikuspegi feministatik saioa eskaintzera.

Udalak herritarrak animatu nahi ditu haurtzaro edo nerabezaroan ematen diren sexu-abusuen inguruan antolatutako jardunaldietan parte hartzera. Azken batean, “denon ardura da problematika honi aurre hartzea”.