Arragua auzoa auzolanean txukunduko dute igandean, azaroaren 20an. Oiartzungo Udalak eta Bazterrak Txukuntzen herritar taldeak antolatu dute ekimena. Arraguakoa aurten egingo duten zortzigarren saioa izango da, aurretik herriko beste zazpi auzoak garbitu baitituzte.

Auzotarrak eta gainontzeko herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera, “guztion ardura baita herria txukun mantentzea”, aditzera eman dutenez.

Parte hartu nahi dutenek auzoko frontoira 9.30ean hurbildu besterik ez dute egin behar. Inguruko hondakin eta zikinkeria bildu ondoren hamaiketakoa eskainiko diete antolatzaileek bertaratutakoei.