Ordiziak bat egin du Europako Hondakinen Murrizketa Astearekin eta azaroaren 19tik 27ra bitartean izango da. Ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kulturan dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburua dute.

Testuingu horretan, ekimen bereziak antolatu dira, eta lehenengoa ostiral honetan izango da. Potxin eta Patxin pailazoek udalerriko plaza hartu eta txukun mantenduko dute kantuen erritmoa eta jolasak lagun; izan ere, hondakinen murrizketaren eta birziklapenaren aldeko mezua zabalduko dute. Ikuskizuna 18.00etan hasiko da.

Bigarren ekimenean Ordiziako establezimenduek parte hartuko dute; hain zuzen ere, poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte. Horrela, elikagai denda txikietan eta goxoki dendetan erabilera bakarreko poltsen kontsumoa murriztu eta ezabatzeko ahalegina egiten jarrituko da. Horretan lanean sutsu dihardute Ordiziako Udalak eta Ordizian Elkarteak, 2030 Ekintza Planeko 14.9. puntua betetze aldera.

Ia 2.000 poltsa jarriko dira bezeroen eskura. Guztira, 41 dendek sustatuko dute poltsa berrerabilgarrien erabilera. Denda hauek bereizgarria izango dute erakusleihoan, ekimenaren parte direla jakiteko.

Bestalde, azpimarratzekoak dira dagoeneko egin diren ekimenak; besteak beste, etxean biltzen diren tapoiekin bost banku eta koadernoak sortu dira, ekonomia zirkularra bultzatuz. 200 kilo bildu dira, hau da, 170.000 tapoi.

“Hondakinen bilakaeraren Sasietako datuak erreparatuz, 2015etik 2021era ikusten da geroz eta hondakin gehiago sortzen ditugula, eta horietatik %76a birziklatzen dela. Gure helburua eta beharra da datu hauek hobetzen joatea”, azaldu du Maitane Álvarezek, Ordiziako alkateordeak.